Turismoa errekan gora- Lehendabiziko zatia

0
Mikel Irizar
 
Tribu zaharrek errekan behera egin zuten leizeak utzita, eguraldia epeldu zenean. Eta itsasaldean edo hurbileko paraje irekietan finkatu ziren. Lehen txabola haietatik sortu dira denboran aurrera hiri handiak, eta horietan izaera urbanoaren adierazle nagusiak: pertsonen metatzea eta bakartzea, mota guztietako zerbitzuen eta eskaintzen ugaritasuna, bizi maila igotzea eta abiada azkartzea… Baita bidaiatzeko ohitura, hau da, turismoa.

Errekan gora oraindik aurki daitezke paradisu gordeak eta tribu ezezagunak, natura zoragarria eta bizimodu lasaia. Juxtu hirietako biztanleek galdu dutena. Kontua da errekan gorakoek hiria behar dutenean aisa egiten dutela behera; baina hiritarrei kosta egiten zaie gora egitea. Eta paradisuak aurki daitezke baina bilatu egin behar dira. Hain zuzen horretan laguntzeko –besteak beste- ari da sortzen turismoa errekan gora.

Hiritarrak errekan gora abia daitezen ezinbestekoa da berezitasuna, eskaintza estandarrak nahi adina dituzte hirian. Eta berezitasun nagusia da lurraldea bera, natura eta herriak, hor dago alderik handiena hiriarekin. Baina horren inguruan eraiki behar da eskaintza oso bat, hiritarra erosotasunera ohitua bai dago. Jatekoak eta edatekoak oso tentagarriak egingo zaizkio, ziur. Baina antolakuntza duinak behar dira, zerbitzu multzoak, informazioa… Tentazioa, hitz batez.

Errekan gora natura indartsu dago, baita kultura tradizionala eta komunitate bizitza ere. Horiek ondo zaintzen ditugu bertako biztanleok, baina bisitariei erakustekotan are arduratsuago izan behar dugu zaintza horretan. Ingurumen naturala eta kulturala altxor handiak dira bestela ere, baina ondo kudeatuta bihurtu daitezke aberastasun iturri eta sortzen den aberastasuna erabili ahal izango da haien iraupenerako. Gainera, komunitatean ondo txertatuta dagoenak modu sinesgarrian azalduko dizkie tokiko kontuak bisitariei. Naturan, kulturan eta gizartean murgilduta bizi dena da solaskide egokiena errekan gora datozen hiritarrentzat.

Share.

Leave A Reply