Turismoa errekan gora- Esteñibar Baserria, Elorrio. Bigarrengo zatia

0
Mikel Irizar
Lehen kolpean, turismo kontutan hasten denak nahikoa lan izaten du bere ideia garatzen. Luze gabe ohartuko da, ordea, bakarka nekez ekarriko duela inor errekan gora. Bisita batera datorrenak informazio bulegoa nahi du, oroigarria erosi, zerbait edan edo jan… Eta, batez ere, nahi du bizipen bat eraman errekan behera, zerbait berezia egin duenaren sentipena, merezi izan duena eta –agian- errepika daitekeena denbora gehiago hartuta. Horretarako, turismo eragileek bat eginda jokatu behar dute, kasu honetan batura da batugai guztien bilduma baino askoz gehiago.

Fatima eta biok duela 19 urte bizi gara Esteñibar izeneko baserrian, Ibaizabal errekan gora, Elorrion. Eta orain hiru urte gure lan egoera irauli egin nahi izan genuen, ordura arteko loturak eten eta trukean denbora eskuratu. Baserri inguruan mahastia dugu, hektarea bat txakolinetarako mahatsa, eta etxe barruan leku ugari. Eta pentsatu genuen jendea hartzea etxean. Baina Elorrion bertan baziren beste lau nekazaletxe eta ez genuen nahi haiei pastel zati bat jatea, besterik gabe, baizik eta denon pastela handitzea. Horregatik burua nekatu genuen eta asmatu genuen zerbitzu berri bat: gure etxean egoteaz gain, gurekin bizitzeko aukera. Denbora genuenez, denbora hori eskainiko genien bisitariei. Eta hainbat hizkuntzetan moldatzen garenez, Internetek lagunduko zigun mundu zabalean gure xede-taldea aurkitzen. Hiru urteren bueltan, eta oso maila apalean saiatu bagara ere, esan daiteke formula arrakastatsua dela, probatu duenak antzeman du eskaintza ezberdina dela eta aitortu digu asko gustatu zaiola:
Lanean hasi berri, jakin genuen Balearetan sortu zela ekimen bat landa turismo arduratsua sustatzeko eta saretzeko. Ekimenak bazuen oinarrian kode etiko bat La Garrotxa eskualde katalanean sortua, natura parkearen baitan, lerro berean dagoena Europako arauekin. Kodearen arabera, hiru ardatzetan neurtzen da turismo egitasmoaren izaera arduratsua: enpresa kudeaketan, jasangarritasunean eta gizartearekiko konpromisoan. Eta eskaintzen du ebaluazioa baina baita ere hobekuntzarako bide bat.
Interes handiz hartu dugu sare horretako kide izatea, sarea ezagutu gabe ere bidean abiatuta geundelako, eta 2015ean espero dugu ebaluazioaren maila gorenean kokatzea.
Izan ere, gurea bezalako egitasmo txiki batentzat gehiegizko jarioa etorriko litzateke salmenta-kanal masiboetatik; aldiz, asko interesatzen zaigu eskaintza segmentatzea eta aurkitzea gure balioekin bat egingo duten pertsonak munduan zehar.

Turismoaren esparruan hasi aurretik, mahastia jarri genuen Elorrioko Mendraka txakolinarekin lankidetzan. Eta haiekin batera ikusi dugu nola indartzen ari den gurean ere enoturismoa, nola jendeak gero eta gehiago bidaiatzen duen ardoaren jakinminez. Dagoeneko eskaintzen ditugu upategiko lagunekin hainbat zerbitzu –bisitak upategian edo herrian, afari pribatuak…- eta esploratzen ari gara bide berriak, beti ere bateragarri izango direnak ardogintzarekin eta gure balioekin.

Lankidetza bide horretan dator Elorrio eta inguruan sustatzen ari garen ekimena: MOMUS turismo elkartea. Durangaldean nahi da turismo sektorearen eragile ezberdinak –pribatu eta publikoak- bateratuko dituen erakunde bat sortu eta Lan Garapen agentziarekin batera hobetsi dugu Elorrio inguruan ellkarte bat sortzea, Durangon badagoenarekin ardazteko eta ardatz horren inguruan eskualde osoa antolatzeko.

MOMUSen elkartuko gara hurrengo aseteotan sektoreko atal ezberdinak, merkatari eta ostalari, landetxe eta aisialdi, kultur ekintzaile eta erakunde. Eta forma emango diegu aurrez landuta ditugun ideiei:
• Turismo bulegoa eta teknikaria egonkortzea
• Turismo zerbitzu oinarrizkoak osatzea eta bermatzea
• Turismo eskaintza integrala definitzea eskualde osoarekin
• Turismoaren interesa eta kultura hedatzea herritarren artean, denon intereseko jarduera den aldetik
• Turismoaren ikuspegia txertatu erakunde guztien jardueran, haien erabakiak hartzerakoan turismoari dagozkion ondorioak ere kontuan har ditzaten
• Gure eskaintzaren salmenta hurbiltzea Bilbo aldera eta Interneteko plazetara
• Plangintzan eta kudeaketan lagundu elkarteko kideei, lagungarri izango zaizkigun tresnak denon eskura egon daitezen

Esteñibarren euskaltzaleak gara, eta euskaraz bizi gara ia erabat. Hori bai, bisitariekin manejatzen gara gaztelaniaz, frantsesez eta ingelesez, eta behin txakolin botila bat elkarrekin edanda, baita italianoz eta katalanez. Baina atal hau txertatzea ez da euskaltzaletasun kontua baizik eta negozio ikuspegia.

Turismo modernoak indigenismoa bilatzen du. Globalizazioaren ondorioz mundua era berekoa bihurtzen ari da eta bidaiariak estimatzen du erosotasun hori, gauza berdinak aurkitzea munduko edozein parajetan. Baina hori aspergarri izan ez dadin, gero eta gehiago eskatzen du bidaiariak bertakoa, tipikoa, indigena, ohiko bizilekutik aparte dagoela adieraziko dion giro, soinu edo usain hori. Ikuspegi horretatik euskaraz bizitzeak erakargarri egiten gaitu bisitarien begietara. Zibilizatuak gara, kulto samarrak, badakigu ondo bizitzen, baina alde berean gara indigenak, ezberdinak, bitxiak. Gure esperientzian, bisitari guztiek estimatu dute bertakotasun hori eta alde egiterakoan eraman dute golkoan grabatuta euskal hitzen bat. Hitz hori, gehienetan izan da bizipoza.

Orain arteko bisitariekin izandako harremanean argi ikusi dugu asko gustatzen zaiela gure bizi kalitatea eta plazeraz gozatzeko dugun gaitasuna. Natura eta eguraldia alde ditugu, zer esanik ez jatekoa eta edatekoa. Distantziak ez dira handiak eta intereseko gune asko dago 30-40 kilometroko bueltan, edonon gaudela ere. Eta horri guztiari esker –eta garai gogorragoak atzean utzita- euskaldunok transmititzen duguna da bizipoza.

Ba bizipoza izan daiteke gure turismo produkturik salgarriena. Lagunarterako jarrera, mahaiaren bueltako erritoak, ingurune berde erosoa, herri giroa kalean, tabernak eta pintxoak…

Azkena izan dugun Hong Kongeko bikoetak ondo ikasi zuen bizipoza hitza, eta gure bizimodua erakargarriagoa zaiela han egiten dutena baino. Horregatik etxera itzulita bidali ziguten mezua –itzultzaile bidez euskaratua- honela bukatzen zuten: “Poz handiz bueltatuko ninteke(sic) berriz zure herrira!” Ba hori.

Link interesgarriak:
http://estenibar.com/blog/bisitarien-bizipenak/
http://www.turismoruralresponsable.com/empresas_turismo_rural.php?zona=Euskadi&apartado=alojamientos&idioma=EU
http://www.mendraka.com/

Share.

Leave A Reply